ikaerrioxa-ren webgunea

berriak

atzera

Euskararen nazioarteko Eguna 2011

Asko dira euskararen omenetan egiten diren ekitaldi eta jardunak. Horietako bat, guztietatik nabarmenena, Euskararen Nazioarteko Eguna da, urtero, abenduaren 3an, Xabierko Frantzisko deunaren egunez ospatzen dena. Egun hori, Arabako Errioxan modu bateratu batean ospatzen ari gara duela hiru urtetik hona. Lehenengo urtean, Bastidan egin genuen; bigarrenean, Lapuebla de Labarcan; eta oraingo honetan, Bilarren.

Euskararen Nazioarteko Eguna Arabako Errioxako euskaltzale guztiontzako zita bat da; eragile sozial eta instituzionalen artean antolatzen dugun ospakizuna. Planteamendu honekin bi helburu lortu nahi ditugu: batetik, Euskararen Nazioarteko Eguna gizarteratzea; eta, bestetik, egun honen antolakuntzan parte aktibo izateko aukera ematea tokian tokiko eragileei, kasu honetan, Bilarko Udalari eta Akelarrea Gurea elkarteari.

Bi ekintza mota abian jarri ditugu Euskararen Nazioarteko Eguna ardatz izanik: egun hori heldu bitartean abian jarritako egitasmoak, eta egunean bertan egin direnak. Lehenengo ekintza-motan egitasmo hauek abian jarri ditugu:

Arabako Errioxako euskaltzaleen argazkiekin egindako murala. Modu honetan hainbat euskaltzalek adierazi dute beren atxikimendua “Euskara maite dut” leloarekin. Murala www.euskaramaitedut.com blogean dago eta helburua egitasmo honekin jarraitzea da.

Eskualdeko ikastetxeei eta euskaltegiari lipdub ariketa baten proposamena. Hiru dira entregatu dizkiguten lanak: Victor Tapia, Assa Ikastola eta San Bizente Ikastola. Hiru ariketa hauen emanaldia egin genuen abenduaren 2an bertan. Lan horiek jasotzen dituen bilduma daukagu eskuragarri nahi duenarentzat.

Euskararen Nazioarteko Eguna iragartzeko kartelaren lehiaketa. Sei lan aurkeztu dizkigute eta irabazleari produktu-saski bat eman diogu, baita abenduaren 2ko afarirako bi pertsonentzako txartela ere.

Egunean bertan abian jarri zen egitarauari 18:00etan eman genion hasiera, ikastetxeek astean zehar eta egun horretan bertan garatzeko hainbat egitasmo zeuzkatelako. 18:00etatik 19:20ra bitartean ponpa eta talo tailerra izan genuen Bilarko frontoian. 19:20an entregatutako libduben emanaldia egin genuen. 20:00etan kalejirari hasiera eman genion txalaparta-saio berezi batekin, elizako kanpaiarekin txalaparta bat egin baitzen. Herriko tabernetatik kalejira egin ostean, kantu-afariari eman genion hasiera. Postreetan hasi eta "En Tol Sarmientoren" (ETS) kontzertua hasi baino lehen, euskaraokeaz lagunduta bertaratutako guztiok hasi ginen kantuan.

Euskararen Nazioarteko Eguna modu honetan ospatzea arrakastatsua izaten ari dela esan dezakegu. Egun honen gizarteratzea lortzen ari garelako eta aukera ematen diogulako jendeari antolakuntzan parte har dezan. Honen adibide, jubilatuak antolatutako ETSren kontzertua. Parte-hartzea oso ona izan da zentzu guztietan: antolakuntzan aritu direnei esker, eta egitasmo guztietan parte hartu dutenei esker. Frontoian egindako tailerretan 20 ume inguruk parte hartu du, eta kantu-afarian 64 lagun. Bitxikeria moduan esan behar dugu, baten batek afariko txartela lortu zuela birsalmentan.

Idazki honi amaiera eman nahi diogu esanez, Euskararen Nazioarteko Eguna modu honetan ospatuz Arabako Errioxako euskaltzaleok eta Euskara Zerbitzua lantaldea eredu bihurtzen ari dela euskarak behar duen zeharlerrotasuna lantzen; azken batean, euskararen sustapen eta normalizaziorako elkarlanean aritu beharra dugu guztiok euskara arlo isolatu bat bezala ez landuz. Datorren urtean, ospakizuna Lantziegon egingo da eta abian jarriko den egitaraua aurtengoaren oso antzekoa izango da.

 

Leire Sueskun Gandarias Euskara Zerbitzua

igo
IKA Errioxa Diputazio kalea, 32 - Oion (Araba) - Tel. 945 601 087 || Berberana kalea, 5 - Biasteri (Araba) - Tel. 945 621 055
A | xhtml | CSS